BERGANTZU-TOLOÑO- SAN GINES (BASTIDA)
Data: 2024-05-19
Distantzia: ≈ 12 km Desnibela: 700 m↑ 700 m↓
Denbora: ≈ 5 h Irteera: 07:00etan
Honako eskursio hau hasiko dugu Peñacerrada-Urizaharra eta Zanbrana lotzen dituen errepidearen 42 km-ren mugarria baino lehenxoago dagoen bide bazterreko zabalgune batean (Peñacerrada-Zanbrana noranzkoan). Hortik Inglares ur-jauzira joko dugu. Irteera hau Berganzo bertatik abiatu eta “uraren bidea” izeneko bide-atondutik barrena ur-jauziraino egin genezakeen baina luzeegia gelditzen da. Norbaitek interesa badu hona esteka hau. Esan beharra dago Berganzon aparkalekua guztiz mugatua dagoela eta, bertan aparkatu ahal izateko, bakarrik mugikorraren bitartez deskargatu daitekeen app bat erabil daitekeela. Ezin da esku-dirutan edo txartelaren bitartez ordaindu.
https://rutadelaguaberganzo.eu/
Behin ur-jauzia bisitatu eta gero errepidean gora 500 m inguru egingo ditugu basoan sartu arte. Laster , “Toloño 1 h 50 min” markatzen duen, seinale-tantai batekin topo egingo dugu. Xenda, nagusiki, urritzez eta ezpelez zipriztindutako, pagadi heze baten abaroan egingo dugu. Une konkretu batean (912 m-ko altitudean) cairn-en segida utzi eta ezkerrera joko dugu. Horren arrazoia da cairn-ek markatutako bide-lerroa erreka baten abaro deseroso, trokatsu eta irregular batean sartzen dela eta igoera errazte aldera sartuko gara ezkerrerantz. Hogei bat minutura Puerto de Peñacerradatik datorren “Camino de la ermita de Toloño” izeneko bide zabal eta erosoarekin bat egingo dugu.
Belardi zabal eta zoragarri batera iritsitakoan ezkerrera jo eta igoeraren azken zatiari ekingo diogu. Pagadian barrena lehenbizi eta mendi lerroaren hegian tarte ez oso luze bat errekorritu eta gero Toloñoko tontorrera helduko gara. Bertatik, eguraldiak lagun, ikuspegi zabal, eder eta arima-lasaigarri batez gozatu ahal izango dugu.San Gines ermitarainoko jaitsierak inolako zailtasunik ez duen bide zabalez eta pistaz burutuko dugu. San Gines ermitan aparkagune zabala dago eta haren inguruan atseden-leku bat eta umeentzat jolas-parkea. Hasieran nire ideia zen San Gines ermitaren aldameneko jatetxean bazkaltzea. Jatetxe hori bakarrik asteburuetan irekitzen dute baina, zoritxarrez, orain, konpontze lanetan ari dira eta udaraino ez dute zabalduko. Pena handia da zeren lekua oso eroso eta egokia da eskursioari amaiera emateko.
Bazkaria Bastidako “La Cervecerian”
Irteera 7:00etan Herreratik.
Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com emailera idatzi, https://montanerosdelantiguo.eus webgunean ere aukera dago. Azken eguna maiatzaren 15a, asteazkena.
Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.