Hasiera icono flecha Agenda
Urepel-(Mendiaundi)-Sorogain

Urepel-(Mendiaundi)-Sorogain

Data: 2024-06-09

Uda aurreko azken irteera honetan, Iparraldeko Urepele xarmagarrira joango gara (Nafarroa Beherea, 415 m, 316 bizt.), Xalbador bertsolariaren herrira, alegia. Eta Xabier Letek Urepeleko artzainari bere heriotzean esaten zion bezala: ♫ Mendi hegaletan gora… ihesetan joango gara… Aldaparriko erreka gaineko larreetan oroitzapenen oihurik bortitzena entzutera. Bestalde, ihesen inguruan ari garenez, esan beharra dago irteera honen oinarrizko ibilbidea nahiko entzutesua egin den GR 225 edo "Ezkabako ihesa"-ren laugarren etapakoa baino ez dela, etapa laburrena eta paisaiagatik erakargarriena, hori bai, alderantziz egina.

 Urepeleko elizondotik abiatuta Gaineko Karrika auzoko etxeak zeharkatuko ditugu segituan, eta kilometro bat pasatxo egin ondoren, Sorogainera doan errepidetxoaren lehen bihurgunean, eskuinetik hartuko dugu bidea igoerari ekiteko. Lehenengo aldapan 200 metro inguru igotzen da ia 1,5 km-tan, ez da gogortasun itzelekoa. Mendi-lepo ireki batera iritsita, Aldaparri errekaren bailara ederra ikusiko dugu aurrean; bere ezkerraldeko isurialdetik (eskuinaldetik gure norabidean) gora egingo dugu goiko leporaino. Lehenik, 2,5 km inguru gaztainondoak dituen baso batean zehar nahiko laua lasaia eta polita den bidetik, guztira 100 m ere igotzen ez direla. Gero pagadi ederretik, beti GRko bide balizatutik, altuera irabazten joango gara, orain aldapa nabarmenagoa izanik, eta tartean, konturatu gabe, muga zeharkatuko dugu. Igoerako azken kilometroan bidezidorra maldatsuagoa egiten da, baina exijentzia maila handiegirik gabe. Beraskoaingo etxola eskuinetara utzita, basotik irtengo gara, eta Beraskoaingo lepoko larre garaietan agertuko gara (1010 m; 7,5 km; 630 m ↑; 2,5 h eta 3 h artean geldialdiak barne).

 Hortxe, GRaren markak pista batetik jarraituz, zuzenean Sorogaingo aterperaino (830 m) jaisteko aukera emango dugu, (1 h baino gutxiagoan; horrela, 10,2 km guztira eginez) edo bestela, gehiago nahi dutenentzat, GR 12 (Euskal Herriko uren banalerroko zeharkaldia) ezkerrerantz,hartuz,  Lanotegiko muinoa inguratu ondoren, Mendiaundiko buzoiraino (1213 m) igoko gara, 1 h inguruan, eta ibilaldia osatuko dugu Sorogaineraino jaitsiz 1 h gehiagoan Pirinioetako GR 11 bidetik, Txasperro (1180 m) eta Arbilletatik igarota. Alternatiba horren gehiena altuerako belardietatik egiten da,   desnivel metatua 950 m-ra igotzen da, 14,4 km guztira eginez.

Sorogaingo aterpean bertan menu xume eta itxia jango dugu.

 Guztira:  10,2 km ; 650 m↑; 270 m↓; 3 h 45 min   (Mendiaundi: 14,4 km ;  950 m↑ ; 550 m↓; 5h.)

 Irteera 7:00etan Antiguotik.        

Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com emailera idatzi, https://montanerosdelantiguo.eus webgunean ere aukera dago. Azken eguna ekainaren 5a, asteazkena.

 

 




Artxibo interesgarriak:


Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2024-05-23 | Nafarroa

Argazki-albuma Urepel-(Mendiaundi)-Sorogain


IKUSI ARGAZKI GUZTIAK