Hasiera icono flecha Agenda
Saragueta - Bordagaina - Aurizberri

Saragueta - Bordagaina - Aurizberri

Data: 2024-09-29

SARAGUETA-(BORDAGAINA)-AURIZBERRI

(2024-09-29)

           Uda ondorengo gure irteerekin berriro hasteko, ezer baino lehen esan behar dugu egutegian jarri genuen irteera honen abiapuntua, Aintzioa, alegia, aldatu behar dugula. Izan ere, herritik ateratzean Aintzioa Haitzaren hegaletik igarotzen den bidea oso zikina eta itxia dago, taldearentzat ia zeharkaezina. Beraz, Artzibarretik markatu duten galtzada erromatarraren gaineko bidea aprobetxatzea erabaki dugu, Galtzada hori Caesaraugusta-Zaragoza eta Burdigala-Bordele hiriak lotzen zituen Orreagatik pasatuz, eta bere ibilbidearen gehiena gure hasierako ideiarekin bat datorrenez, Artzibarreko Saragueta herrixkatik abiatuko gara Aurizberriko kanpinera iristeko Labia mendilerroaren tontortxoen ingurutik. Aldaketa horrek ibilbidea errazagoa egiten du.

Beraz, Saraguetako plazatxo ederretik abiatuko gara, iturria eta gurutzadura bertan ikusteko aukerarekin (770 m, 18 bizt, eta Montxo Armendarizen "Silencio roto" filmaren eszenatoki nagusia izan zena). Galtzadaren ibilbidearen arrasto zuri eta moreei jarraituz San Pauleko lepora iritsiko gara igoera txiki eta atsegin batean ezpelen artean, hortxe Esnotz (Erro) eta Lusarreta (Artze) lotzen dituen pista erdi-asfaltatua gurutzatuko dugu (2,8 km; 900m; 45 min; 150 m ↑).

Larreetan barrena bidezidorrak eta pista-zatiak tartekatuz gorantz egingo dugu, ia konturatu gabe. Puntu jakin batean, galtzadatik atereaz, Lezestali haitzuloa ikustera desbideratuko gara (6 km, 950 m; 1h 45min), non 50 m inguru sar daitekeen (linternarekin hobeto). Pagadian gora ibilbidearekin jarraituz galtzadatik kanpo beti, hiru tontor txiki igo daitezke: Bordagaina, Larreburu eta Berregu, hirurak 1.000 eta 1.100 m bitartekoak, buzoirik gabeak eta basoan sartuta daudenak, bistarik gabekoak, beraz. Gogoen arabera, horietakoren bat bisitatu ahal izango dugu, agian erdikoa, Larreburu, pagadian gora doan bidezidor polit batetik igoz eta Sakarteburuko ehiztarien aterpetik igaroz. Hortik 100 metrora orain ez dela asko menhir bat aurkitu dute.

            Hortik, Bentarra izeneko bordatik igaroz (Mezkiritz) Iratzetako Larre lepora jaitsiko gara, Larreburu eta Berregu artean, eta erromatar galtzadaren bideari helduko diogu berriro, orain basoan behera, Gertu Mugarriluzeko miliarioa eta azalpen-panela ikusiko ditugu, eta Aurizberriko kanpinera iritsiko gara ordubetean pasealdi errazean.
            Laburtzeko ibilbide interesgarria da oso, duen interes historiko-arkeologikoaz gain  paisaia eta naturagatik ere erakargarria da, eta zailtasun handirik gabe gutariko edonork egiteko modukoa. Sorogainen bazkalduko dugu berriro, azken irteeran bezala, horretarako  4 km desbideratuko gara Iruñeko bidean: 12,5 km, 350 m↑; 4 h.

Ibilbidearen bistaratzea 3D-n

Irteera 7:00etan Herreratik.        

Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com emailera idatzi, webgunean ere https://montanerosdelantiguo.eus aukera dago. Azken eguna irailaren 25a

 

 

 




Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2024-10-02 | Nafarroa

Argazki-albuma Saragueta - Bordagaina - Aurizberri


IKUSI ARGAZKI GUZTIAK