Hasiera icono flecha Agenda
Lea Ibilbidea: Aulesti-Lekeitio

Lea Ibilbidea: Aulesti-Lekeitio

Data: 2024-02-04

Distantzia: 15,6 km                          Igoera metatua: 120 m↑ 

Jatsiera metatua: 220 m↓         Denbora: 4h 15 min.

Neguan gaudenez garai egokia izan daiteke gailur altuak eta mendiko buzoiak alde batera uzteko, horregatik Lea bailara ezagutzea aukeratu dugu Aulesti eta Lekeitio arteko ibaiaren ondoko ibilbidea eginez. Beraz, oraingoan, mendizaleak baino gehiago "aranzaleak" izango garela esan genezake; eta are gehiago, Lekeitioko portuan eta hondartzetan amaituko dugunez, agian "arrantzaleak" ere izango gara.

GR-38.3 ibilbidea da berez egingo duguna, Arabako Errioxatik datorren GR-38 edo "Ardoaren eta arrainaren ibilbidea" -ren aldaera bat da haren bukaeran. Ziortzatik eta Munitibartik abiatzen da zati hori, baina osorik egiteak, 23 bat km, gehiegi luzatuko liguke goizeko lana. Beraz, Aulestitik irtengo gara gure ohiko distantzia-parametroetan segitzeko. Bidean, 100 metro eskas desnibel positibo txikiagatik erosoa eta zailtasunik gabea da eta zati urbanizaturen bat tartekatzen du (Gizaburuagan, esaterako). Bidean zubi politak eta presa zein ur-jauzi txiki ugari ikusiko ditugu, ermitak eta garai hobeak ezagutu dituen dorretxeren bat ere bai, Bengolea izenekoa alegia; ibai-errota zaharrak (Lariz) eta mareakoak, burdinolak eta itsasadarreko erriberako antzinako ontziolak ere, azkeneko hauek jada Lekeitiotik gertu. Horrek guztiak adierazten du batez ere XVI. eta XVIII. mendeen artean bailara horrek izan zuen iragan oparoaren ondarea eta aztarnak direla.

Bide gehiena Lea ibaiaren eskuinaldetik egingo dugu, Oiz menditik jaisten diren uren ondoan aurrera eginez. Aulesti herria atzean utzita, Iluntzar eta Bedartzandi mendiek (biak iadanik egin ditugunak gure irteeretan) tartean uzten duten erreka-zintzurrean sartuko gara. Bidean Gizaburuaga udalerri txikia eta Ugaran auzoko Oletako bidegurutzea (Amoroto) zeharkatuko ditugu; geroxeago Mendexako baserri eremuetatik igaroz, horrela itsasora hurbilduko gara Isuntza eta Karraspio hondartzen artean agertuz Leako itsasadarrean zehar. Han, Garraitz uhartea aurrean izango dugu, oso interesgarria arkeologikoki eta oinez bisita daitekeena itsasbeheran, baina guretzat ez da hala izango (itsasgora 11:00etan izango baita egun horretan). Laburtzeko, paisaia-interes handiko ibilbidea da, eta ondare historiko eta natural aipagarriak eskaintzen ditu.

Urpako autobusean joango gara eta Lekeitioko batzokian bazkalduko dugu.

Estekak:  : Lea_ibilbidea (euskadi.eus)       Ibilbidearen simulazio birtuala

Irteera 7:30ean Herreratik.        

Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com emailera idatzi,   https://montanerosdelantiguo.eus webgunean ere aukera dago. Azken eguna urtarrilaren 31a, asteazkena.

Lea ibilbidea




Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2024-01-19 | Bizkaia

Argazki-albuma Lea Ibilbidea: Aulesti-Lekeitio


IKUSI ARGAZKI GUZTIAK