Araotz - Aitzulo - Orkatzategi - Urkulu
Data: 2023-09-24
ARAOTZ – AITZULO – ORKATZATEGI – SANTIKURUTZ – URKULU
2023-09-24
Distantzia: 13 km Igoera metatua: 600 metro
Denbora: 5 h. (geldialdiekin) Jaitsiera metatua: 720 m.
Denboraldi berria hasteko benetan merezi duen irteera lasaia dugu, txoko ederrak eta bereziak ikusteko aukera emango diguna. Ibilaldia, geldialdiekin, bost ordutan egitea kalkulatzen dugu, baina ziurrenik denbora gutxiagoan egin ahal izango da. Denboraldiko lehena denez eta ahogozoa egiten joateko, txango polit eta lasai hau apropos aukeratuta dago:
Araotzetik irtengo gara (460m), eta, errepidera jaitsi ondoren, Zumalderaino joango gara. Hasieran pista batetik igoz eta ondoren bidezidorretik "Lurgorri Atxarraga" izeneko paraje bitxitik igaroko gara, eta Araotzeko irteeratik 50 minutu pasata, Aitzulora iritsiko gara.
Aitzuloko begia, edo tunela, leku ederra da, ikusgarria, zirraragarria… Bertan gelditu eta horma karstikoan dagoen irekidura eder hori miretsiko dugu.
Orkatzategi gailurrerantz jarraituko dugu, hórrela Aitzgain tumulutik igaro ondoren, 861 metroko gailurrera iritsiko gara. Tontor horren altuera txikia izanda ere, bertatik irekitzen diren bistak bikainak dira, eta horien artean Urkuluko Urtegia ikusiko dugu behe-behean, gure gaurko helburua dena.
Hego-mendebalderantz jarraituko dugu, eta Ugastegiko lepora iritsiko gara. Handik, Santikurutz ermitara igoko gara, lepotik falta den 30 metroko desnibela gaindituta. 2018ko ekainaren 6an hor egon ginen klubarekin, baita 2016an ongi elurtuta zegoenean.
Hortik aurrera, Urkuluko urtegiraino jaitsiko gara, lehenik zementuzko pistan metro gutxi batzuk eginez eta, ondoren, mendi kutsu nabarmena duen bidezidor batetik (PR 3002) urtegira iritsiko gara. Eta emozio pixka bat emateko Urkulura iritsi baino lehen, erreka zeharkatu beharko dugu, zubirik gabe!!
Urkulun gaudela, urtegiaren ertzetik ibiliko gara 25 bat minutuz, autobusak hartuko gaituen lekuraino, gero jatetxera joateko.
Aretxabaletako Basaben bazkalduko dugu, igandeetan itxita dagoen tokia da, baina 20ko taldea izanez gero irekiko digu. Menua: Entsalada mistoa, frijituren bat, haragia edo arraina, askotariko postreak, eta ardo botila lau lagunentzat, 20 euroren truke.
Irteera Errenteria/Herreratik: 7:30ean.
Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com-ra idatzi, gure webgunean ere (https://montanerosdelantiguo.eus); edota 943 317017ra deituz eta zuen mezua utziz. Azken eguna: irailaren 21a, osteguna.
Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.