Hasiera icono flecha Agenda
LEGUTIO-MOTXOTEGI-OTXANDIO

LEGUTIO-MOTXOTEGI-OTXANDIO

Data: 2023-02-26

Luzera:    13 km                           Igoera metatua:    530m

Denbora:  4h 15min                     Jaitsiera metatua:  510 m

            Araba eta Bizkaia artean, alde batetik Gorbeia eta bestetik Anboto edukita, bien arteko erdibidean zehar mugituko gara irteera honetan. Hegoaldetik iparralderantz zeharkatuko dugu Motxotegi izeneko mendilerro apala, Urrunagako urtegiaren ipar-mendebaldean 800 metroko altuera inguruan altxatzen dena. Ibilaldian pagadiaren edertasuna nagusi da bere goiko aldean; eta guretzat, ziurrena, parajea oso ezaguna ez denez bisita merezi du.

             Legutiotik (550 m; 2000 bizt.), urtegiaren adarraren gaineko zubia zeharkatu ondoren gure eskuinera pista bat hartuko dugu, urtegiaren paraleloan doana, 50 metro eskas igoz 3 km inguruan (45 min). Gero ezkerretara bidezidor bat hartuko dugu eta mendilerroaren tontorretara igoko gara, punturik goreneraino alegia (Esnauritzagana edo Motxotegi-Kastillo, buzoi puntuagarria, 817 m), gure gainetik 250 m gorago baino ez dagoena. Aurretik, Larragorri (736 m, hilarria) eta Aiaogana (802 m, buzoia) ere aurkituko ditugu, eta ondoren, gailurrekin bukatzeko, Motxotegiko erpinera iritsiko gara. .

             Ibilbidearen zati handi bat pagadiaren edertasun erakargarrian murgiltzen da, bere baitan hiru buzoiak eginez, baina bakoitza apenas 100 metroko desnibelarekin tartekaturiko lepoetatik. Horrela, gora eta behera eginez, mendilerroari izena ematen dion Motxotegiko azken gailurreraino iritsi arte(799 m; buzoi eta erpin geodesikoa; 7 km; 2 h 20 min; 450 m ↑). Hortik gure ezkerrean, gertu, Ubide herria eta bere gainean Gorbeiako mendigunea ikusiko ditugu.

             Jaitsiera hasteko zelai batetik abiatuko gara, eta gero, pista batera iritsita, pagadian barrena berriro sartuko gara. Basoa pixkanaka lausotzen joango da hain polita ez den baso mistoa izan arte. Otxandiotik Barazarrera doan errepidera irtengo gara, eta handik 300 metro eginda, Presazelaiko pago motzetako parke ederrera iritsiko gara (3h 30 min). Hortik, kilometro batera, 100 metroko desnibela gora egingo dugu Astakurutzeko elurzuloa bisitatzeko asmoz. Bukatzeko, berriro ere pagadian zehar, Otxandio herrira jaitsiz. Azken igoera hori saihestu daiteke, ezer igo gabe, Urkiolako errekaren ondoko pasealeku politetik herrira hurbilduz.

             Babarrun jana izango dugu Otxandioko Lara tabernan, sakramentuekin “bedeinkatua”, aurretik sarrera pare bat ere gehituta.

 Irteera Herreratik: 7:30ean.

Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com-ra idatzi, gure webgunean ere (https://montanerosdelantiguo.eus); edota 943 317017ra deituz eta zuen mezua utziz. Azken eguna: otsailaren 23a, osteguna.




Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2023-02-15 | Gipuzkoa

Argazki-albuma LEGUTIO-MOTXOTEGI-OTXANDIO


IKUSI ARGAZKI GUZTIAK