Hasiera icono flecha Agenda
Azkaine-Bizkartzun-Zuhalmendi-Esnaur-Azkaine

Azkaine-Bizkartzun-Zuhalmendi-Esnaur-Azkaine

Data: 2023-01-15

Luzera:   13,2 km                     Igoera metatua:  625 m

Jatsiera: 625 m                        Denbora/Tiempo:  4 h

 

               Negurako (hori oraindik existitzen bada) propio pentsatuta dagoen ibilbide honekin hasiko dugu urtea. Ipar Euskal Herriko kota baxuetatik mugituko gara. Azkaine, Sara eta Senpereren artean, Larhun handia atzean edukita beti, 200 eta 300 m arteko garaiera duen mendi-eremu polit bat dago, inguru urbanizatuarekin nabarmen kontrastatzen duena. Bertatik ibilbide zirkularra egingo dugu, hango tontor altuenak igo ahal izateko: Bizkartzun (185 m); Zuhalmendi (301 m) eta Esnaur (275 m) alegia. Hiruretan Konbentzio eta Napoleon garaiko gotorlekuen hondarrak daude gainera.

                Arraioa auzotik igaroz, kanpina eta ikastola dauden tokitik, Azkaineko azken etxeen artean ibiliko gara Bizkartzungo hegoaldeko hegaletik doan mendi-bide polit bat hartu arte, Martinhaurrenbordatik gertu dagoen lepora eramango gaituena. Hortik ezkerrera doan bidea hartuz, ia konturatu gabe Bizkartzunera igoko gara, gure lehen tontortxoa, nondik Azkaineko inguru guztia eta Donibane Lohizuneko kostaldea menderatuko ditugun, beti nagusi den Larhun mendia hegoaldean izanik (2,8 km, 160 m ↑, 40 min).

                Maldan behera jaitsiko gara, modu pixka bat deserosoan baina arazorik gabe, Karrika Zaharreko etxeen ingururaino, eta eskuinera biratuta, mendi aldera egingo dugu berriro igoera leun batetik, eta bidean Uzkaingo errekako ur-jauzi txiki ezkutura hurbilduko gara. Igoera areagotu egiten da ondoren, muino batean gurutze eta mugarri handi batekin topo egin arte, non Larhun  mendiaren ikuspegi ezin hobea izango dugun. Hortik, pistatik joanez orain, euskal txerriaren parke tematiko moduko bat zeharkatuko beharko dugu, azalpen-panelak nonahi, Zuhalmendiko  oinarriraino. Bere azken aldapa belartsutik igo beharko dugu antenaraino (8 km, 450 m ↑, 2h 20 min). Hortxe hamaiketakoa, Sara aldera begira.

                Hegoaldeko lepora jaitsi ondoren, San Inazioko mendatetik gertu, Esnaur aldera joko dugu, lehenik aldapa gogor baina motz bat igo beharko dugu, berriro jaitsi gero, aparkaleku batetik igarota Nausienbordaraino asfaltatutako zati batetik iristeko. Hor ibilaldiaren  azken aldapari ekingo diogu Esnaur igotzeko. Hau ere talaia ezin hobea dena kostalderaino. Bide eder batek abiapunturaino eramango gaitu bukatzeko.

                Bazkaria Berako Zubiondon.

 Irteera: Antiguatik  8:00etan.

Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com-ra idatzi, gure webgunean ere (https://montanerosdelantiguo.eus); edota 943 317017ra deituz eta zuen mezua utziz. Azken eguna: urt. 12a, osteguna.

P.S. Eguraldi txarra zela eta, eta horren ondorioz errekaren batean zeharkaezinak ziren hazitako urak oztopo, ezin izan genuen bete goian deskribatutako ibilbidea,  ondoko trakari dagokiona, alegia.

 




Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2023-01-06 | Gipuzkoa

Argazki-albuma Azkaine-Bizkartzun-Zuhalmendi-Esnaur-Azkaine


IKUSI ARGAZKI GUZTIAK