Leaburu-Erroizpe-Uli-Areso
Data: 2022-12-18
Hauxe dugu aurtengo azken irteera eta horregatik topa egiteko motiboa ere emango diguna. Baina aurretik, Tolosatik Gorritiko Pagozelairaino doan mendi-lerro luzearen zati handi bat daukagu ibiltzeko. Hala ere guk, hasi orduko, metro batzuk igota izango ditugu, Leaburutik (293 m) abiatuko baikara. Hortik Belauntzara bidean, Artetxe baserriaren parean, pista batetik eskuinera joanda hasiko gara Mugertza muinorantz igotzen. Gaurkoan hasieratik desnibel handi bat dugu egiteko, Erroizpeko buzoiraino bertikalean 500 metro inguru daude eta, igoera neketsua, ezbairik gabe. Pausoz pauso ekingo diogu muino belartsu politetatik eta zatiren batean basotik ere (Izkiño) igaroz, gehien-gehiena pista-bidetatik; horrela, bukaeran, erpin geodesikora doan azken bidezidorra hartu arte. Bertara iritsita, 360º-ko bista garbiak izango ditugu. (3,6 km; 510 m ↑; 1 h 20 min).
Hortik 500 metro pasatxora, Lagarteko kotatik igaroko gara (811 m). Tontor hori altuagoa da, baina ez du buzoirik. Inguruan Almitxuriko mairu-baratzeak daude. Jarraian jaitsiera txiki bat egingo dugu, eta ataka bat igaro ondoren, baso karstikoan sartuko gara, beti bidezidorretik, eta pixka bat gora egingo dugu Gazteluaitzeko buzoiaren albotik igaro arte (779 m), segituan igo daitekeena nahi izanez gero, baina, hori bai, deserosoa da harkaitzetatik. Hortik gutxira, bidezidorraren beste aldean, Arburu (789 m) dugu, iparraldera begira, Berastegirantz.
Beste jaitsiera baten ondoren, bide zabalagoetara irtengo gara. Eta lepoz lepo, oso desnibel txikiekin, Uliko aterpera (700 m-tan, 9,5 km) iritsiko gara. Bertara inguruko herri guztietatik ere igo daiteke: Orexa eta Gaztelutik, Berastegitik... Ondoren, berriro gorantz, baina modu leunean, Solizarretako leporaino, Ulizarreko gailurretik 10 minutu baino gutxiagora, azken ahalegina eskatuko diguna (868 m; 11,5 km; 3 h 30 min). Aurreko lepora itzuliz, Santikrutz ermitatik jaitsiz, Aresoraino egingo dugu ordubete inguruan bukatzeko.
Guztira: 4,5 ordu inguru, 14,5 km egiteko, metatutako altuera 830m. Bazkaria Leitzako Lopenean izango da.
Irteera: Herreratik edo Errenteriatik 8:00etan.
Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com-ra idatzi;
gure webgunean ere (https://montanerosdelantiguo.eus);
edota 943 317017ra deituz eta zuen mezua utziz.
Azken eguna: abenduaren 15a, osteguna.
Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.