Sendadiano-Marinda-Telleta-Andagoia
Data: 2022-10-09
Lehenik eta behin jakinarazi behar dugu ibilaldia irteeren egutegian adierazita datorren alderantzizko noranzkoan egingo dugula. Horrela, Arabako Kuartangon dagoen Sendadiano (19 bizt.) herri txikitik abiatuko gara eta Andagoian amaituko da. Gutxi ezaguna den Gibixo mendilerroko goi-lautadan barrena ibiliko gara, eta bertan dauden hiru buzoietatik bi bisitatuko ditugu: Marinda (986 m), inguru horretako gailurrik altuena eta nabarmenena, eta Telleta (920 m), tontor ia guztiz laua dena. Hobeto kokatzearen aldera, Nerbioi iturburutik eta Burgosko mugetatik nahiko gertu ibiliko gara.
Sendadianotik, 600 m-ko altueran, mendebalderantz doan pista bat hartuko dugu, gorantz ekinez eta Larrinzar mendi-lepoan (790 m) agertuz. Handik, Marindako ipar-ekialdeko maldari egingo diogu aurre. Behetik ikusita gogorra dirudi baina bidezidorrari jarraituz nahiko modu errazean egiten da igoera, horrela goiko ertzean erpin geodesikoa, buzoia eta gurutzea aurkitu arte (3,6 km; 1 h ; 380 m↑). Gure aurrean, hegoalderantz begiratuta, Arkamuko mendiak ikusiko ditugu bertatik. Hortik aurrera, kontrako isurialdeko bidetik jaitsiko gara Orramutako leporaino (819 m), 20 minutuan. Sasipistak eta mendi-bideak konbinatuz Cotorricos tontortxoa ezkerretik inguratuko dugu San Antonio ermitaraino, eta han mokadua hartuko dugu mahai batzuk aprobetxatuz.
Gibixo mendilerroko lautada zabalean barrena ibilbide luzea egingo dugu gero ahal den neurrian bertan dagoen pista markatua alboetatik saihestuz. Trinitateko ermita interesgarria, eta bere kobazuloaren istorioak, bisitatu gabe utziko dugu ezkerretara doan desbideraketa hartu gabe. Ur-putzu baten parean eskuinetara joko dugu gero, eta igoera leun-leuna eginez, bukaeran pagadi bat zeharkatu ondoren, Telletako buzoiaren bila arituko gara jokoan ea nork aurkitzen duen (Labazar edo Argantxa ere deitua, 920 m; 3 h). Azken jaitsiera egiteko, hasieran aldapa leuneko magalean beherantz ia biderik gabe Atagurengo harrateraino joango gara, non Yarto izeneko edo iturrien sakanaren hondora doan pista hartuko dugun, eta “Robledal”-eko zubi ederretik errekatxoa zeharkatuz Andagoian amaituko dugu ibilaldi eder hau.
Guztira 14 km; 520 m↑; 4 h pasatxo. Bazkaria Izarrako “Frontón” taberna-jatetxean.
Irteera 07:00etan Errenteriatik edo Herreratik.
Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com-ra idatzi, orain gure webgunean ere (https://montanerosdelantiguo.eus) esteka dago; edota 943 317017ra deituz eta zuen mezua utziz. Azken eguna: urriaren 6a, osteguna.
Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.