Hasiera icono flecha Agenda
HIRIBERRI Aezkoa - BERRENDI - GOÑIBURU - TAPLA

HIRIBERRI Aezkoa - BERRENDI - GOÑIBURU - TAPLA

Data: 2022-09-25

Distantzia : 12,8 km                             Igoera metatua: 650 m                    

Jaitsiera metatua: 220 m                    Denbora: 4:00-4:30  h                               

Irteera: 7:00etan  Errenteria edo Herreratik

 

           Hiriberri Aezkoatik (920 m) abiatuko gara Abodi mendilerroko mendebaldeko muturra  ezagutzeko asmoz, Iratiko basoa hegoaldetik ixten duena. Gure helburu nagusia, Berrendiko gailurra egitea(1.351 m) izango da. Ez da inguru horretako gailurrik altuena, baina nahiko ezaguna da Aezkoa gainean nabarmentzen den kareharrizko haitzagatik.

            Hiriberri herria, gainera, landa-arkitekturan interesgarria da bertan ikus daitezkeen horreo edo garai ederrei esker. Guk, bere goialdetik hasita, GR11ren markei jarraituko diegu (nahiz eta azken urte hauetan ohikoagoa izan Irabiako urtegitik igarotzea, eta ez hemendik, Pirinioetako zeharbidea egiten denean). Zabaleako iturrira igoera labur bat egin ondoren, ekialderantz ibiliz zeharkaldi atsegin bati ekingo diogu Berrendi azpiko mendi-hegaletik aise igoz, beti kareharrizko harresia goian utzirik. Bat-batean, pagadian barrenean gaudenean, gora aldera biratuko dugu bide zidor aldapatsuago batetik Oilokiateko lepora iristeko (1.280 m; 1h 5min; 3,6 km; 360 m↑).

            Berrendiko buzoira joateko (1.351 m), GRaren aurkako aldera desbideratu behar da, mendebalderantz alegia, pagaditik doan desitxuratutako bidexka batetik, baina zailtasunik gabea, eta 15 minutu inguruan erpin geodesikora iritsiko gara, bista irekiak dituena hegoaldera begira. Lepora itzulita berriro, lehengo GR bera hartuko dugu ipar-ekialderantz orain, igoera leun eta luze bat eginez, beti pagadi hostotsutik, Martxate izeneko  punturik altuenera (1.400 m) igotzeko aukera ematen duen lepotxo batera iritsi arte. Baina lepotik gora doan zatia nahiko deseroso eta malkarra denez, eta gainera tontorrak buzoirik ez duenez, saihestu egingo dugu igoera hori GRtik jarraituz, orain jaisteko joera hartuta, pagadia soildu arte eta larre irekietara atera arte.

            Gorabehera txikiekin bidean, oraindik kilometro batzuk egingo ditugu goialdeko belaze ireki horietan zehar, Taplako pasabidearen amaieraraino (1370 m), Otsagabiatik Iratiko Elurretako Ama Birjinara doan errepidearen punturik altuenean. Heldu baino lehen, Bizkarrandiren parean, pixka bat iparralderantz desbideratuko gara, gure ezkerretara hain zuzen, Goñiburuko buzoi hurbilera (1.461 m) iristeko, ia ahaleginik egin gabe.

            Ibilbide erdia egingo dugu pagadian barna, eta beste erdia, berriz, eremu irekian, bista bikainekin. Guztira 12,8 km izango dira 4 h inguruan, 650 m-ko desnibelarekin. Bi buzoietarako desbideratzeak saihesteko aukera dago, eta, hartara, 150 m inguruko desnibela arintzeko. Bazkaria Ezkarozeko Otsoa ostatuan izango da, Zaraitzun.

Irteera  07:00etan Errenteriatik edo Herreratik.

 

Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com-ra idatzi, orain gure webgunean ere (https://montanerosdelantiguo.eus) esteka dago; edota 943 317017ra deituz eta zuen mezua utziz. Azken eguna: irailaren 22a, osteguna.

 




Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2022-09-12 | Nafarroa

Argazki-albuma HIRIBERRI Aezkoa - BERRENDI - GOÑIBURU - TAPLA


IKUSI ARGAZKI GUZTIAK