Karrika - Bianditz - Aritxulegi
Data: 2022-02-06
Artikutzako trenbide zaharrak Elamatik Errenteriaraino zihoan Bianditzeko mendatea gaindituz. Artikutzan ustiatutako egur-ikatza eta burdina-minerala garraiatzeko erabiltzen zen, eta zati maldatsuenetan bagonetak plano inklinatuetan gora eta behera herrestan joanez mugitzen ziren kableei esker, funikular baten modura. 1898tik 1917ra arte bakarrik iraun zuen lanean.
Guk irteera honetan burdinbideari kontrako noranzkoan ekingo diogu, PR-Gi 1007, Oiartzungo Karrikako auzotik abiatuta, Bianditz leporaino igotzeko asmoz lehenbizi, 700 metroko altueran. Gero, ezkerretara hartuz, izen bereko tontorra igoko dugu (844 m); eta bukaeran, Errengatik jaitsiz, Arritxuloko aterpean amaituko dugu, Aritxulegin, Aiako Harriaren oinean, alegia.
Desnibel handia dugu aurretik, baina deskantsatzeko tarteak ere badaude. Karrikan hasiko gara, Eskas eta Artikutzara doan errepidearen ondoan, eta, handik, Zorrolako errekaren urertza segituko dugu, hasieran bide lautik baserrien artean, eta gero haran itxian sartuz (burdinbidearen lehen tunela tartean). Horrela 2 km egin ondoren, Zorrolako zubian, beste 2 kilometro inguruko lehen igoera gogorra egingo dugu, Pilotasoro lepo zabalean agertu arte, hortik dagoeneko Aiako Harria begi bistan izanik (4km, 320 m ↑, 1h 15 min).
Zaldin izeneko azken baserriak atzean utzita, gora egingo dugu pixka bat gehiago, eta eskuinetara Oianlekura doan igoera hartu gabe (beste baterako utzi beharko dugu inguru zoragarri hori), Urmendiko paraje ederrean bigarren tunela inguratuko dugu kanpotik, eta gero eroso eta lasai ibiliz, 8. kilometroraino iritsiko gara non beste igoera gogortxu bat egin beharko dugun, 150 m ingurukoa, behatoki paregabe batean agertu arte (8,5 km). Hortik oso gertu Bianditz mendateko tunela dago, guk zeharkatuko ez duguna, baizik eta bere ezkerretik joaz beste 30 m gehiago gorantz egingo dugu Artikutzako errepidea zeharkatzen duen mendilerroarekin bat egin arte. Hortxe oso ezaguna den bidea hartuko dugu tontorrez tontor Hirumugarrietaraino (Oiartzun-Lesaka-Goizueta) eta 5 minutuko desbideratze batean Bianditz gaina aurkituko dugu, 844m (10,8 km, 860 m ↑, 3 h 40 min). Errengako lepotik (igoera saihestuko dugu) Aritxulegiraino jaitsiko gara ia ordubetean. Hor bertan bazkalduko dugu, Arritxulon.
Guztira: 14,6 km; 880 m↑ ; 4h 30min eta 5h artean
Irteera: Antiguatik 8:00etan.
Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com -ra idatzi edo hemen ere behean esteka dago datuak emateko. Azken eguna otsailaren 3a, osteguna.
Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.