Hasiera icono flecha Agenda
OLABERRIA - ATXURBIDE (782 m) - IDIAZABAL

OLABERRIA - ATXURBIDE (782 m) - IDIAZABAL

Data: 2021-12-12

           

           Gabonak gertu daude eta aurtengo azken irteera egitea tokatzen zaigu. Egia esateko, irteerei dagokienez behintzat, “sasi-urtea” izan dela aitortu beharko dugu, programatutakoa burutzeko eragozpenak ez baitira makalak izan,  eta dakizuenez lehenengo urte erdia ezer egin gabe joan zitzaigun; baina tira, ez da gutxi berriro ibilaldiekin abiatu izana; topa egin dezagun, beraz,  gure mendietan barna ibiliz.

            Olaberritik hasita (330 m), Goierriko balkoia ere deitua dena, izan ere, Txindoki aldera alde batetik eta Aizkorrira bestetik ikuspegi txundigarriak eskaintzen baititu; lehenik errepidez joango gara Aranguren landa-auzotik aurrera eginez larreen artean,  hortxe GR 283 den “gaztaren bidea” zein barnealdeko Done Jakue bidearen markak ere ikusiko ditugu bertatik igarotzen baitira; eta horrela Ojarbiko jauregira edo Oiarbide oinetxe dotorera iritsi arte. Hortik Idiazabalera doan bide laburrena utziko dugu eskuin aldera eta gu mendirantz  igo egingo gara.

            Errepidea pista bihurtuko da eta pixkanaka, bidegurutze batzuen ondoren, hormigoiaren ordez lurrezkoa egingo zaigu bidea. Zuhaitz artean gora, Bostaritzeta parajera iritsiko gara; eta han, eskuinetara, utziko dugu pista zabala, gu, berriz, mendi-magal belartsuan gora doan bidezidorretik igoko gara  gure lehen helburura iristeko: Andrelorriaga edo Esparruko Punta izenekoa (725 m; 1h 30 min, 400 m ↑); Olaberria, Idiazabal eta Lazkao arteko muga dena (Hirumugarrieta). Esan beharra dago Balankaleku eta Etzegaraterekin lotzen duen mendilerro horretako gailur apal horiek izen anitzak, batzuetan nahasiak, hartzen dituztela.

            Hortik belardi polit batzuetatik, eta oso bista onekin, mendilerroari beheraka jarraituz hegoalderantz, Arantzazumendiko lepoan agertuko gara (614 m), eta handik gutxira, pista tarte labur baten ondoren, berriro igotzeari ekin beharko diogu, orain Atxurbideko hegia, pikoa oso, bere buzoiraino (Atxurbi, Dorrontsorogaña edo Mugata ere deitua: 782 m, 2h 30 min, 560 m↑). Hortik, iparralderantz biratuz, Idiazabalera jaitsiko gara (212 m), eta 1,5 ordu inguruan osatu ahal izango dugu jaitsiera osoa, Atxartiko Gañako bigarren mailako gailurreko monolitotik igaroz (735 m), eta Kurutzetako ermita eta herria lotzen dituen galtzada zati batetik bukatuz.

         Lazkaoko Amebi sagardotegian bazkalduko dugu.

         

 

Guztira: 12,2 km; 4 h inguru eta 590 m↑

Irteera: Errenteriatik edo Herreratik goizeko 8:00etan.

Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com-ra idatzi, orain gure webgunean ere esteka dago, edota 943 317017ra deitu eta zuen mezua utzi. Izena emateko azken eguna abenduaren 9a, osteguna.




Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2021-11-28 | Gipuzkoa