MARKINA (Barinaga) - KALAMUA - IDOTORBE (S. PEDRO)
Data: 2021-11-21
Markina-Xemeingo Barinaga auzotik abiatuz Gipuzkoarekin muga egiten duen mendilerrora igoko gara, hegoaldera Urkoren tontorrarekin lotzen duena, eta Urkarregi (San Migel) eta Ixua mendateen arteko tartean Kalamua (771 m), gailur nagusia duena, Maax izenarekin ere ezagututa Bizkaia aldean . Era berean, bere inguruan dauden bigarren mailako tontorrak bisitatzeko asmoa dugu, hala nola Garagoitxi (723 m), Akondia edo Arrikrutz (749 m) eta, azkenik, Morkaiko gurutzea (533 m), Elgoibar gaineko tontor enblematikoa alegia. Mendigune horrek guztiak garrantzi berezia izan zuen 36ko Gerran, eta gailurretan garai hartako lubaki ugari ikusteko parada izango dugu. Gainera ikuspegi ederra emango digu bi isurialdeetara ibilbidean zehar, Bizkaira eta Gipuzkoara, eta perspektiba zabalak goialdetik.
Barinagako bolatokiaren eta frontoiaren ondoan aparkatu ondoren (140 m), 200 m atzera egingo dugu errepidez, garai baten parean dagoen zubi batetik Urko ibaia zeharkatuz PR markak dituen eta nabarmen gorantz egiten duen hormigoizko pista batetik igotzen hasteko. Gehien bat pista-zatiak izango ditugu aldapa gogorreko igoeran, horrela Arantzamendiko gailurraren ondotik (522 m) igaroz, hainbat bide-gurutze pasa ondoren, eta pinu eta altzipresen zenbait guneren ondoren, Kalamuako postontzietara, erpin geodesikora eta orientazio-taulara (771 m, 4,5 km, 630 m 1h 30 min) iritsiko gara azken bizkar belartsuetatik igoaz. Hortik, zelai irekietan behera, Kalamua lepora jaitsiko gara, nondik 40 bat minutuko bukle bati ekingo diogun (ez da derrigorrezkoa), Garagoitxi eta Akondia tontorrak bisitatzeko asmoz, biak Ixua eta Urko aldera, hegoalderantz, lerrokatzen direnak; 10 minutuko igoera bana egin beharko diogu tontortxo bakoitzari; laburrak baina aldats pikoak, hori bai.
Lehengo lepora itzuliko gara ekialdetik itzulinguru bat eginez, Arratera doan bidea eskura izanik, baina gaur ez da hori izango gure ailegaera puntua, baizik eta hortik pista batean behera joanez, Santumotzeko tenplete bitxiraino, bigarren bukle bati ekingo diogu, gero berriro Santumotzera itzultzeko asmoz eta bidean Hiruiturriko iturria eta Morkaikoko gurutzea bisitatuz. Santumotzen bueltan, beste pare bat kilometrotan amaituko dugu Idotorbeko San Pedro baserri-auzo elgoibartarraren inguru ederrean, ia bide osoa asfaltotik eginez orain. Hor bukaeran, ermitaz gain, , bolatokia eta probalekua, atsedenlekua eta Arraterako bistak badaude, eta bertako ostatuan izango dugu bazkaria.
Guztira: 14,4 km; 4 h inguru eta 850 m↑; bukleak saihestuz arindu daitekeena.
Irteera: Errenteriatik edo Herreratik goizeko 7:30ean.
Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com-ra idatzi edota 943 317017 deitu eta zuen mezua utzi. Izena emateko azken eguna: azaroak 18, osteguna.
Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.