LASARTE-BELKOAIN-ANDOAIN
Data: 2020-01-26
Ibilaldiaren luzera: 17, 50 km - Igoera metatua: 750 m
Esan dezakegu elurretik eta mendi handietatik ihesi, negu giroan egiten ditugun ohiko ibilaldietako bat dela gaurkoa. Lasarten abiatuko gara eta Ezkeltzu (508 m) eta Belkoain mendia (488 m) igo ondoren, Andoainen amaituko dugu ibilaldia. Erraza dirudien arren, 17,50 kilometroko luzera eta 750 metro inguruko igoera ditu.
Topoaren Lasarteko geltoki aurrean emango diogu hasiera ibilaldiari (8:30). Hipodromoaren erdialdean mendirantz doan porlanezko bide bat hartuko dugu eskuinera, eta kilometro erdi bat egin ondoren, porlana utzi eta xendra eroso bati atxikiko gatzaizkio. Bertatik joango gara gorantza (beherantz ere bai erraustegiaren pareraino) Ziortzako bidegurutzeraino (→ 7,00 km ↑ 500 m). Hantxe hartuko dugu atsedenaldia, eguraldia lagun. Geroxeago bidea utzi eta Ezkeltzu mendi apalaren gailurra igoko dugu (→ 820 m, ↑ 60 m). Gain honetatik Zarateko bentarantz abiatuko gara hegoalderantz eta jaitsiera bizian (→ 1,70 km, ↓ 160 m). Bentatik Belkoaingo bidegurutzera hego-ekialderantz doan bide eroso eta ordeka samarra izango da, apur bat gorantz egiten badu ere (→2,60 km, ↑100 m).
Belkoaingo bidegurutzean gaude. Hemendik gurutzeraino 600 metro inguru eta 100 metroko igoera ditugu. Gerra zibileko oroimenez betetako guneak ditugu hauek eta zuhaitz tartetik, erdi ezkututik, Andoaingo ibarra ikus daiteke.
Gurutzetik zuhaitzez inguratutako pista erosoan barrena helduko gara –ekialderantz- Andoaingo herrira (→ 4,90 km, ↓ 400 m).
Guztira, lehen esan bezala, 17,50 kilometroko luzera eta 750 metro inguruko igoera duen ibilaldia. Bazkaria “Hiru” jatetxean, JB. Erro, 4.
Irteera: 8:10 Amarako tren-geltokian. (Trena gaizki datorkienentzat Lasarteko autobusa 8:00 abiatzen da Avda. 28-tik). (Itzulera autobusez edo trenez)
Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.