Otsaportillo-Maiza-Sta. Marina-Urdiain
Data: 2023-11-05
Luzera: 14,5 km Igoera metatua: 370m
Denbora: 4h 30min Jaitsiera metatua: 730 m
Ibilbide ederra proposatzen dizuegu, zeinean igotzen esfortzu handiegirik egin gabe Urbasako pagadian murgilduko garen eta Sakanako ikuspegi zoragarriak gozatzeko aukera ere izango dugun. Pagadien edertasunaz gainera, udazkeneko janzkera koloretsura eraldatzen hasiak ziurrenik, belardiek eta ikusmira miragarriek alaituko digute bidea Santa Marina ermita-aterpera hurbiltzean, eta geroago, Urdiaingo jaitsieran, pagadia berriro izango dugu protagonista.
Tximistako aparkalekutik irtengo gara, 4 km autobusarekin sartuz Otsaportilloko errepidean barrena, Urbasako goi-ordokian dagoena. Santa Marina baselizarako pista hartuko dugu baina segituan utziko dugu albo batera basotik desbideratuz.eskuinerantz. Hortik aurrera, marka gorri batzuk jarraituko ditugu, hasieran soilgune irekietan zehar gehiago, eta gero pagadi garbi eta atseginean barrena. Bidean hagin bakarti bat ikusiko dugu pagoen artean eta bukaeran Sakana aldera ematen duen Urbasako iparraldeko ertzetik hurbil dagoen lepotxo batera helduko gara, non basoa desagertzen den. Hortik, 50 metro inguruko azken igoera txiki bat eginez 1182 metroko Maiza (Baiza) mendiko zutoin geodesiko eta buzoira iritsiko gara. Urbasako iparraldeko gailurrik altuena da eta bertatik Sakana eta Aralar aldera bista bikainak daude (6,5 km; 280 m ↑; 2 h inguru).
Mendebalderantz hartuz orain gailurreriatik gertu egingo dugu aurrera, GR-282 edo "Artzaintzaren Bidea"-ren markei jarraituz. Iruaitzetatik (1144 m) igarotzean beheraxeago bere “begiak” harkaitzean (Gentilen Zuloak) ikusiko ditugu, eta Bakaiku eta Iturmendiko atakak ere atzean utziko ditugu, horrela Santa Marina ermitara iritsi arte, aterpea bertan eta buzoia ondoan (1064 m) dituena. Zati horretan Urbasako mendilerroaren iparraldeko ertzean izango gara beti, zelai altu horiek eskaintzen dituzten Sakanako bista bikainak mantenduz. (10 km; 350 m ↑; 3 h).
Buzoitik Urdiaingo atakaraino jaitsi behar da, ia oharkabean 5 minutuan, eta hortik mendilerroaren iparraldeko hegaletik jaisten hasi herriraino. Jaitsiera egiteko aukera anitzetatik aldapa gutxien duena hartuko dugu, leun-leuna gehienean, eta, beraz, apur bat luzeagoa; berriro ere pagadi amaigabeetan barrena Urdiainen bukatzeko.
Bazkaria Olaztiko Klinkerren: 20 €+ kafeak
Irteera Herreratik: 7:30ean.
Autobus BETETA
Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.