Hasiera icono flecha Agenda
Biotzari-San Kiriko-Nabaskoze

Biotzari-San Kiriko-Nabaskoze

Data: 2021-09-19

           

            Kaixo berriro, atsegin handiz agur bero bat bidaltzen dizuegu denoi. Talde gisa urte eta erdi geldirik  izan ondoren, ea behingoz berriz abiatu eta gure ibilbideak berreskuratuz mendira itzultzeko aukera dugun!. Animo!

            Hasteko, nahiko proposamen leuna dugu aurrean, nahiz eta distantzia luzera mugitzera behartzen gaituena, hori bai. Nafarroako Erromantzatuan, Biotzari herri txikian (60 biztanle) abiapuntua hartuko dugu bi buzoi bisitatzeko, bata San Kiriko, bere baselizarekin, inguruan oso ezaguna, eta bestea Illon mendilerroko izen bereko buzoia, herria bere hegoaldeko hegalean babesten duena. Bidean, gainera, Nafarroako trikuharri ikusgarrienetako bat bisitatuko dugu: Faulo.

            Herriko elizatik abiatuz, ipar-ekialderantz eginez, ermita-hilerritik eta ur-biltegitik igaro ondoren, pista bat hartuko dugu. Pista hori ezpelez eta sastrakaz osatutako paisaia batetik igotzen doa, tartean laburbide pare bat hartzeko aukera izango dugu pista mozteko, eta horrela ordu erdi batean edo, Fauloko trikuharria dagoen bihurgune zabal batean egongo gara. Bertatik San Kiriko ermita ikusiko dugu, mendilerroaren ertzean. Pista pixka bat beherantz jarraituko dugu, eta, beste 20 minutuan, bidegurutze bat aurkituko dugu. Pista hori ezkerretik utziko dugu, eta, eskuinerantz, pinuen artean, Illongo tontorrera (1278 m) hurbilduko gaituen bidexka hartuko dugu, Ollatera doan bidexkatik hain zuzen ere. Tontorrarako azken 50 m-ak eskuinera igota egin beharko ditugu. Gailurra ez da oso zabala, baina Pirinioetako panoramikak oparitzen ditu iparraldetik eta Leire, Izaga eta Urraulerantz hegoaldetik. Ordura arte 5 km inguru eta 450 m-ko igoera metatua, 1,5 h baino gutxiagoan.

            Bidexka berbera atzera errepikatuz, puntu jakin batean eskuinerantz desbideratuko gara, mendiaren goialdeari jarraituz eta usategi batzuetatik pasatuz, San Kiriko (1180 m) buzoira iritsiko gara. Ondoko ermita leku ezin hobean dago, atsedenerako eta indarberritzeko aukera bertan izango dugu. (2 ordu baino gehixeago).

            Buzoitik 5 bat minutura, iparraldeko hegaletik desbideratuko gara, pagadiko bidexkatik jaisten hasteko. Ikusiko dugunez landarediaren aldaketa nabarmena da isurialdeen artean. Ordubete baino gutxiagoan, Benasako arroilatik Ollatera sartzen den pistan agertuko gara. Pista horretatik, azken bi kilometroetan, Benasako aisialdi-eremuraino jaitsiko gara bukatzeko. Hango putzuak “igerileku” gisa funtzionatzen du bertakoentzat eta bisitarientzat. Guztira 11,8 km, metatutako 540 m-ko igoerarekin (norbaitek plan lasaiagoa hartu nahi badu, Illonera joatea eta itzultzea ekidin dezake 2 km inguru eta 100 m gutxiago igota).

Oharra: Gure lehenengo ideia da lehen irteera honetan bazkaria erreserbatu gabe egitea, bakoitzak berea etxetik eramanez. Plan-aldaketarik balego, jakinaraziko dizuegu.

Ikus ibilbidea




Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2021-10-23 | Nafarroa