Zugarramurdi-Arxuria-Urdazubi (Sorginen Bidea)
Data: 2023-05-28
Distantzia: 14,3 km Igoera metatua: 690 m (Arxuria barne)
Denbora: 4 h 30 min Jaitsiera metatua: 790 m
Irteera honetan PR-NA 90 edo “Sorginen Bidea” egingo dugu. Zugarramurditik abiatzen den ibilbide zirkularra da (baina ez da kobazulo famatutik pasatzen) eta markak zertxobait galduta ditu hor nonbait. Guk, hala ere, Ibainetako lepotik Arxuriako igoeraren aukerako aldaera emango diogu gailur hori egin nahi duenarentzat, eta gero Urdazubin amaituko dugu ibilaldia, abiapuntura itzuli beharrean.
Zugarramurdiko eliza ondotik abiatu eta berehala Etxalarreko pista asfaltatua utziko dugu; errepidetxo hau geroago, Urbiako lepoan hain zuzen, zeharkatu beharko dugu. Deabruaren erreka-zuloan sartuko gara igotzen hasteko, hauxe da beheraxeago sorginen haitzuloa zulatu duena. Eskuinetik sigi-saga motz batean gora egingo dugu pista batetik, gero oteen artean estutu egiten dena Xaretako haranerantz bista ederrak ere oparituz. Hormigoizko tarte batera irtengo gara eta, aurrerago, alertze arteko bide batetik igoko gara berriro, Ibainetako leporaino (2,7 km; 506 m; 50 min; 300 m ↑). Hegoalderantz eremu zabala irekiko zaigu eta gune megalitikoak daude inguruan.
Nahi izanez gero, hortxe gure eskuinetara hartuz, Arxuriara igotzeko abagunea izango dugu (758 m), tarteka ahalegina eskatuko diguna. Hasieran bidezidorra izango dugu baina goiko harkaitzen artean desitxuratuz doa. Igoera egin ezean, 200 metroko desnibela eta 1,5 km inguru aurrezten dira estatistikatik. Horretarako Ibainetako zohikaztegia inguratuta eta apenas igo gabe Sorohaundiko trikuharriraino joan behar da, non Arxuriatik jaistean ere agertuko ginatekeen. Aukeren arabera…ikusiko dugu.
Hortik aurrera ibilbideak desnibel gutxirekin jarraitzen du, Mendibil (617 m) hegoaldetik inguratzen duen bidezidor polit batetik. Bide garbian bunker bat eta megalito gehiago daude hasieran, eta geroago, Orabideako aldea begi bistan edukita, Urbiako leporaino iritsiko gara (8,7 km; 435 m; 2 h 50 min; 640 m ↑). Handik, berriz ere Aizparazko kota itzulinguratuz, hegoaldeko pistatik zein bestela iparraldeko bidezidorretik ere ibiliz, beste mendi-lepo bateraino joango gara, Loiara izenekoa, eta hortik pistatik jarraituz (ur-putzuak eta lokatza egon daitezke, euria egingo balu), Arleu tontortxoa inguratuko dugu; horrela bukaeran, Arxuriatik ekartzen dugun kordala amaitzen denean, Azkar (428 m) gailur azpira hurbilduz, aukeran, denbora nahikoa edukita, egin genezakeena, baina inprobablea dirudi. Bai ala bai, mendi-bidezidorretik behera egingo dugu, Argindoietako antenetara doan pistarekin topo egin arte lepo batean. Eskuinera hartuz, PR-a utzita eta marka zuri-berdeak hartuz, Urdazubin amaituko dugu (Axularren sorlekua eta San Salbador monasterioa ikusgai).
Aldatu ondoren Bera ondoko Zubiondo jatetxera joan beharko da Lizuniagatik hantxe bazkaltzeko.
Irteera Antiguatik 07:30an.
Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.