Hasiera icono flecha Agenda
Uribarri Jauregi - Itxogana - Indiagana- Birgaragoien

Uribarri Jauregi - Itxogana - Indiagana- Birgaragoien

Data: 2023-05-07

Distantzia:  13,5 km                        Igoera metatua:    600 m

Denbora:  4 h 15 min                      Jaitsiera metatua:  550 m

 

Uribarri-Jauregi herria (88 bizt. eta Donemiliaga udalerrikoa) Agurain eta Dulantzi  artean kokatzen da; Arabako Lautadaren hegoaldeko mugan, Gasteizko Mendien mendebaldeko azken tontorren azpian. Herritik irtengo gara asfaltatutako errepidetxo batetik, eta 1967ra arte Bergaratik Lizarrara zihoan Vasco-Navarro izeneko“treniko”ri zerbitzua ematen zion Rotaldeko estazio elektriko zaharrera iritsiko gara, non gaur egun trenbide hori bidegorria den. Goraxeago, eskuinetik urtegi txiki bat pista batetik inguratu ondoren, bidean dugun lehen baselizara iritsiko gara (kasu honetan gainera “baseliza” benetan dena, pagadiaren bakardadean txertatuta dagoelako eta iturburuak gertu dituena): Giputxuriko Santa Isabel ermita da, alegia;  XIII. mendekoa eta XVIII.ean berreraikia. (2,5 km; 100 m↑; 35 min).

 Hortik pixka bat atzera eginez, ibilbidean dugun benetako igoerari ekingo diogu, ia beti pagadian barna eta bidean bizpahiru iturri ditugularik, horrela Gaunako San Bitor ermitaren soilgune ederrean agertu arte. San Bitor santu anakoreta arabarra da eta elezaharrez ondo hornituta dago bere bizitza. Paraje idiliko horretan, 900 m-ko altueran, haren hondakinak dituen erlikia-ontzia gordetzen da. (5 km; 330 m↑; 1 h 25 min).

 Pagadira itzuliko gara ondoren eta igoera laburrean Azazetako mendatetik datorren bidearekin bat egingo dugu. Handik 5 minutura Itxoganako gurutze eta buzoira iritsiko gara, 1.063 m. Bertatik Lautada osoa eta haren inguruko mendiak ikusteko parada izango dugu. (6 km; 450 m ↑; 1h 50 min). Hamaiketakoaren ordua, eguraldiak laguntzen badu.

 Jarraian ekialderantz segituz, gehienean basoan zehar eta apenas altuera galdu gabe Elabeko kotatik igaroko gara  nondik, orain bai, 10 bat minutuko jaitsiera labur bat egin beharko dugun izen bereko leporaino. Lepo horretan elkartzen dira Azazeta herritik datorren bidea hegoaldetik eta iparraldetik Santa Isabel eta Uribarritik datorrena. Guk, berriz,  hego-ekialderantz jarraituko dugu, hasieran pinu artean eta gero pagadian zehar,  ordu erdi geroago Indiaganako buzoira helduz, 1.098 m-ra (8,5 km; 600 m↑; 3 h), zuhaitzen artean dagoenez bistarik gabekoa. Hortik ordubete pasatxo barru, Arbozutik igarota eta harizti artean, Birgaragoien herrira (Arraia-Maeztu) iritsiko gara, zuzenean Virgala ostatuan bukatuz, Lizarrako errepidean. Bertan egingo dugu bazkaria. 

Irteera Errenteria/Herreratik: 7:30ean.

 

 Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com-ra idatzi, gure webgunean ere (https://montanerosdelantiguo.eus); edota 943 317017ra deituz eta zuen mezua utziz. Azken eguna: maiatzaren 4a, osteguna.

Uribarri Jauregi-Indiagana-Birgaragoien

Uribarri Jauregi - Indiagana - Birgaragoien




Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2023-04-27 | Araba

Argazki-albuma Uribarri Jauregi - Itxogana - Indiagana- Birgaragoien


IKUSI ARGAZKI GUZTIAK