Aurizberri - La Corona - Garralda
Data: 2022-05-15
Distantzia altitudeekin: 12,00 km Igoera metatua: 590 m
Jaitsiera metatua: 570 m Denbora: 4:30 h
Ibilaldiaren hasiera, Aurizberriko Urrobi kanpinetik Nagorerantz doan errepidea hartu (NA-1720) eta 2,5 kilometrora egongo da. Hiru-errekaren ondoan abiatzen den bidean.
Hego-ekialderantz doan bideari lotuko gatzaizkio, “Otsa” mendilerroko pagadi zoragarrian barrena. Kilometro eta erdira –denbora izanez gero- Irurrekaetako ur-jauzi ezkutua ikusteko aukera izango dugu arroilara apur bat jaitsita. Ondoren aurrera jarraituko dugu (SE) pagadian gora Apezainberroko gaina (=Xurize) (1293 m) gainditu arte (→ 4,85 km hasieratik, ↑480). Handik La Coronarantz (=Errazu) (1387 m) jarraituko dugu norabide bertsuan, azken honen gailurra patxadatsua ukitu arte (→ 1,80 km, ↑120 m).
Hauxe duzue Artze ibarrean barrena doan Urrobi ibaia (mendebaldean) eta Orotz-Beluko haranean barrena doan Irati ibaia (ekialdean), banatzen dituen Otsa mendikateko punturik garaiena. Mendi hau basoz inguratutako bizkar zabal eta apal bat da, eta bizpahiru izenez ezaguna: La Corona, Bidausi eta Errazu. Baina gailurraren izenik seguruena “La Corona” duzue.
Eguraldiak laguntzen baldin badigu, bertan izango dugu ikuskizunaz gozatzeko, menhirrak eta trikuharriak ikusteko, gorputza indarberritzeko eta argazki batzuk patxadaz ateratzeko aukera bikaina.
Atsedenaldiaren ondoren La Coronatik Ansabeko trikuarrirantz? (E) joko dugu (ez genuen aurkitu) eta handik iparralderantz pistarekin topo egin arte (→ 1,70 km ↓17 m). Lurrezko ibilbide lasaian ekialderantz 2,20 km eta 150 metroko jatsiera egin ondoren, bidea ezkerrean utzi eta xendra ezkutu eta jostakin batean barrena -jatsiera bizi-bizian-, Garraldaraino iritsiko gara (NE) (→ 1, 45 km, ↓220 m). Hantxe izango dugu nobleziaz eta edertasun lasaiaz betetako herri ederrean bazkaltzeko abagunea.
Guztira, 12 kilometroko luzera, 590 metroko igoera eta 570 metroko jaitsiera duen ibilaldia. Denbora 4:30 – 5:00 ordu. Bazkaria, Garraldako Herriko Etxean (Petra Matxin, 8) izango dugu.
Irteera 07:00etan Errenteriatik edo Herreratik.
Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com-ra idatzi, orain gure webgunean ere (https://montanerosdelantiguo.eus) esteka dago; edota 943 317017ra deituz eta zuen mezua utziz. Azken eguna: maiatzaren 12a, osteguna.
Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.