Hasiera icono flecha Agenda
OLLOKI-LAKARRI-ELIA

OLLOKI-LAKARRI-ELIA

Data: 2020-03-01

OLLOKI-LAKARRI-ELIA (2020-03-01)

            Distantzia: 15,5 km                           Desnibela: 760 m ↑                                                                                Altuera max: Lakarri (1046 m)         Denbora: 4,5 / 5 h

 

            Abiapuntua: Ollokin, Iruñatik iparralderantz 8 km ingurura. Egun, urbanizazio berriak direla eta, Esteribarren biztanle gehien dituen herria da, Zubiri baino gehiago. Bertan, nabarmentzekoak dira San Adrian eliza, XII. mendeko arrastoak oraindik mantentzen dituena eta Ollokitarren (agaramontarrak) jauretxea, berriztatze-lanetan dagoena.

            Herriko goialdetik, eliza ondoan hasita, ur-biltegirantz doan pistatik ibiliz, batzuetan aldapatsua,  altuera irabazten joango gara. Xendra zatiak ere izango ditugu Altzuza herritik ateratzen diren pistekin topo egin arte. Hortik aurrera, inguruko txirrindularien artean ezaguna den Txoribar izeneko mendatetik igarota, Sagasetako eta Egulbatiko mendialdean gora egingo dugu pinudien artean, gailur txikien lerro luzeari jarraituta; eta horrela, IE-rantz eginez pistatik, edo aukeran muinoz muino, Lakarri mendirantz (Iruñerriko puntu altuena dena 1046 m-tan) hurbilduko gara pista atzean utzi arte. Hasieratik 7,5 km inguru izango dira ordu pare batean eta 600 m-ko desnibela metatuz.

            Jarraian, basoan barrena, gero eta gehiago kaduzifolioa dena altuera horietan, basabide polit bat hartuko dugu eta lepo txiki batean azalduko gara; nondik, 15 minutu gehiago behar izanik, tontorrerainoko azken igoera arina burutuko dugun galeria moduko basopean ibiliz eta bapatean gailurreko atalaia irekira iritsiz. 3 ordu inguruko ibilaldia burutuz ordura arte.

            Jatsiera hegorantz doa, hasieran zidorretik pista batera atera arte. Pista horrek (espero dezagun lokatza saihestu ahal izatea) jendez hustutako Galdurotz herrixkatik gertu pasatzen da, eta aurrexeago eskuinerantz hartu ondoren jaisteko Eliako bailara aldera joko dugu bukatzeko. Bidean, Amokain toki bitxi eta misteriotsua, elezaharretan protagonista, topatuko dugu( http://despobladosnavarra.blogspot.com/2009/10/amocain-piedras-con-leyenda.html). Gaur egun, tamalez, garai bateko jauretxe eta elizatxoaren hondakinak besterik ez dira gelditzen, baina hala ere merezi du bisitak Obanosko Misterioarekin zerikusi zuzena duelako. Antza bertan geratzea erabaki baitzuen, Santiagotik bueltan, Santa Felicia Akitaniako printzesa, eta bertan ere bere anaiak, San Gilenek, amorruz betea hil baitzuen bera hantxe aurkitu zuenean. Eguesibarreko Elian bukatuko dugu, leku lasaia eta paregabea, naturaren interpretazio-zentroa duena. Bazkaria Antxurieta tabernan egingo dugu Sarrigurengo igerilekuetan.

Irteera: Errenderitik goizeko 7,30-ean

Izena emateko: montanerosdelantiguo@euskalnet.net-ra idatzi edota 943 317017 deitu eta zuen mezua utzi. Izena emateko azken eguna: otsailak 28, osteguna.




Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2021-11-10 | Nafarroa