Hasiera icono flecha Agenda
LARRAGOA - AITZLUZE (1068 m) – URBASA KANPINA

LARRAGOA - AITZLUZE (1068 m) – URBASA KANPINA

Data: 2021-10-04

 

            Autobusarekin Opakua mendatea hegoalderantz zeharkatu ondoren, Larragoara (Larraonara) iritsiko gara (770 m, 114 bizt.), Nafarroako Ameskoagoiengo azken herria, Arabarekin muga egiten duena. Handik Urbasara igotzen den hegaletik abiatuko gara, iparralderantz, Araba aldean Entzian jarraipen naturala duen alderantz, horrela gure bizkarrean Lokiz mendilerroa utzirik.

            Herriko goikaldetik hasita, hormigoizko pista batean zehar, egun osoan dugun igoera gogorrenari ekingo diogu, Larragoako mendateraino (1,7 km; 0,5 h), non pixka bat barrurago San Benitoren baseliza aurkituko dugun, 970 metroko altueran. Hortik, ezkerreko belardietatik, mendebalderantz desbideratuko gara, eta basoko bidezidor batetik joango gara ondoren,  haranaren gaineko kordalari jarraituz; horrela Aitzluzeko erpin geodesikoa ondoan duen buzoiraino iritsi arte (1068 m, 1 h inguru). Puntu gorenera iristeko, bitxia bada ere, bi atal dituen  metalezko eskailera batez baliatuko gara. Esan beharra dago gure hasierako asmoa, egutegiaren arabera, Murubeko tontorreraino (1129 m) jarraitzea zela, baina, guztiz baztertu ezin bada ere, baliteke joan-etorri horrek ibilbide osoa gehiegi luzatzea eta horregatik hobea izango da Aitzluzen igoera moztea. Ikusiko dugu.

            Egindako bidea  baselizaren ingururaino deseginez, Urbasako barnealdera joko dugu orduan, iparralderantz alegia, eta pandemiatik gaur  egun itxita dagoen Los Cristinos haitzuloaren sarreratik igaroz, Urbasako ordeketan barrena mugitzen jarraituko dugu “pasealdi” luze eta atsegin bat burutuz, tartean Opakua-Urbasa errepidea zeharkatuko dugularik. Pista eta bide zabalei jarraituz, arin ibiltzeko  aukera aprobetxatuko dugu Ameskoako “Las Limitaciones” mendi  komunala ixten duen hormaraino. Hori zeharkatuz gero, ibilbidea are atseginagoa egingo zaigu, ia osorik belardi, pagadi eta ordokietan barrena eginez, eta aztarna arkeologikoren bat ere bidean tartekatuta izango dugu Larreaundiko zelaietan. Lezarugiko bordetatik (Katiliturri) pasa ondoren, beherantz pixka bat eginez Urbasako kanpinean bukatuko dugu ibilaldi polit hau.

            Oraingo honetan bazkari erreserbatua dugu Olaztiko “Clinker” jatetxean.

 

Guztira: 16,2 km; 4,5 h inguru. eta 490 m-ko desnibel metatua.

Irteera: Errenteriatik edo Herreratik goizeko 7:00etan.

Izena emateko: montanerosdelantiguo@gmail.com -ra idatzi edota 943 317017 deitu eta zuen mezua utzi. Izena emateko azken eguna: irailak 30, osteguna.




Baldintzak: ezinbestekoa da federatuta izatea.


Argitaratua 2021-11-10 | Nafarroa